ZER DA HERRI-OLA

2011-03-05 16:55:00

Orrialde hau elkarbanatu 

Herri-ola Otxandioren etorkizuna eraikitzeko egitasmoa da. Bertan, Otxandiotarren bizitza kalitatea hobetzea helburu hartuta, herritarren parte hartzearen bitartez jasotako ideia eta proiektuak aurkitu daitezke. Horrekin batera, herritarren kontzientzian ere eragin nahi du, etorkizun justuago, orekatuago eta demokratikoago bat eraikitzeko borondatearekin.

 

MISIOA

 

Hazkundean oinarritutako garapen eredu batetik, bizitza kalitatea helburu duen, eta iraunkortasuna, euskalduntasuna eta herritarren parte hartzea oinarri izango dituen garapen eredu justuago bateranzko trantsizioa gauzatuz Otxandioren etorkizuna eraikitzea.

 

BISIOA


Diskriminazio mota oro gaindituta, bere herritarrei eskaintzen dien bizitza kalitateagatik eta gizarte eraldaketan egindako ibilbideagatik Euskal Herrian eredu izango den Otxandio.

 

IZAERA


Herri-ola eraldaketa prozesu dinamiko, ireki eta zabala da, zeina eragile ezberdinen ekarpenen bitartez etengabe eguneratu eta elikatu beharra dagoen. Zentzu honetan, ez da denbora horizonte zehatz bati lotutako egitasmoa, baizik eta bukatze data idatzi gabe duen prozesu dinamiko, ireki eta zabala. Egitasmo honen garapenak izango duen erritmoa bertan inplikatutako eragileek finkatuko dute, eta, zentzu honetan, erritmoa baino, eman beharreko pausuen inguruko adostasun zabala bilatzeak zein oinarri sendoak ezartzeak izango dute lehentasuna.

 

Herri-olaren protagonista nagusia Otxandioko herria den arren, ez da Otxandioko udalerriak hartzen duen espazio geografikora mugatzen, gure bailara naturalari begira, hau da, Oihandi bailarara (Anboto, Gorbea eta urrunagako urtegiak osatzen duten bailarara) begira landutako egitasmoa da eta. Honek, bailara honetako gainontzeko udalerriekin egitasmo hau konpartitu eta elkar lanerako esparruak lantzera behartzen gaitu.