OINEZ
Barne mugikortasun plana
2011-11-23 20:18:00
Orrialde hau elkarbanatu
Sarrera honi atxikita motordun ibilgailuetan egiten diren barne desplazamenduak murriztu eta espazio publikoen kalitatea, segurtasuna eta ingurugiro egoera hobetzera begira udalak landu duen mugikortasun plana jasotzen da. Plan honek nukleo urbanoa osatzen duten kaleak oinezkoentzako gune edo oinezkoek lehentasuna izango duten gune bihurtzea proposatzen du, bertara egiten diren sarrera-irteerak txartel bidezko pilona automatikoekin kudeatuz.
Horretarako herria gune ezberdinetan banatzea jasotzen da: Zirkulazio libreko guneak, zirkulazio kontralatuko guneak, eta zirkulazio mugatuko guneak. Zirkulazio mugatuko guneak oinezkoentzako guneak dira, kasu honetan, alde zaharra. Alde zaharra inguratzen duten guneak berriz zirkulazio kontrolatuko gune gisa definitu dira, eta bertan oinezkoek lehentasuna izateaz gain, ibilgailu motorizatuen sarrerak kontrolatuko lirateke. Izaera hau izango dute, batez ere, Elixoste eta Mainerrota inguruek. Azkenik, zirkulazio libreko guneak ditugu, eremu hauetatik kanpo gelditzen direnenak.
Era berean, herriko 3 sarrera nagusietan parking disuasorioak eraikitzea jasotzen da, bertan ibiligailua utzi eta desplazamenduak oinez egin daitezen.
Plan honen bitartez herriaren hirigintza antolaketa ulertzeko moduan salto bat ematea bilatzen da, kotxea ardatz izan duen herriaren diseinu eta antolaketa batetik pertsona eta oinezkoa ardatz izango dituen antolaketa berri batera.
Honen inguruan herritarrok duzuen iritzia ezagutzea gustatuko litzaiguke. Anima zaitez iruzkin bat egitera!!
Parkingak | Herri-ola
2012-01-29 21:30:19
Informazioa osatzeko, aipatu Mainerrotan trafikoa erregulatzea Iturrizarreko parkinga handitzera baldintzatuta dagoela. Lehenengo parkinga eraikiko litzateke, eta ondoren Mainerrotan piboteak jarri. Bestalde, Otxandiorentzat garrantzitsuena den Durango-Gasteiz autobus linea hobetzeko ahaleginetan ari da udala, nahiz eta momentuz ez duen arrakasta handiegirik izan.
Ados, baina..... | gure_herria
2012-01-24 11:53:50
Ondo ikusten dut motordun ibilgailuen mugimendua erregulatzea, baina argi dago ezin direla guztiz baztertu. Ibilgailuen sarrera mugatu nahi bada, inguruetan behar bezalako parking-ak egon behar dira. Otxandiora datorren bat derrigorrez kotxez etorri behar da, transporte publiko eskasa dela medio....
Erantzuna | Herri-ola
2011-11-28 19:24:30
Oraindik ez dago zehaztuta zein ordutegi izango duten zona horiek. Ordu batzuetan irekita egongo dira herritar guztientzat, eta beste batzuetan bertan bizi direnak bakarrik sartu ahal izango dira. Dena dela, proposamen zehatza Herritarron Kontseiluan aurkeztuko da, bertan eztabaidatua izan dadin.
Galdera | Aninomoa
2011-11-28 19:18:07
Mainerrota eta Elixoste beti itxita egongo lirateke? Bertan bizi ez garenok ezin izango ginateke sartu?
Ideia ona | Herritarra
2011-11-23 22:54:21
Ideia ona iruditzen zait oinezkoek lehentasuna izango duten guneak bultzatzea, horrela umeak eta baita gurasoak ere lasaiago ibiliko dira, eta zintarriak ez dira kotxez beteta egongo. Gune horietan bizi diren bizilagunak erraz sartu eta irten daitezkeen sistema bat jartzen bada, alde zaharrekoen modukoa, nik uste ez lukeela pega larregi sortuko.