ABIAPUNTUA

2011-02-04 13:18:00

Orrialde hau elkarbanatu 

Bere etorkizuna irudikatzeko gaitasunik ez daukan herria inertziaren edo korrontearen menera ibiltzera kondenatua dago, eta zentzu honetan, oso litekeena da kontzienteki erabaki ez duen norabide bat hartu eta desira ez duen etorkizuneko eszenatoki batean bukatzea. Hau ekidin asmoz, urte luzez ibili izan da udala herriaren etorkizuna irudikatzea helburu zuen hausnarketa prozesu sakon baten murgilduta. Hausnarketa prozesu hori nahi izan duten herritar guztiekin zein aditu ezberdinekin konpartitu da, eta hain zuzen ere, web orrialde honetan jasotzen den Herri-ola egitasmoa da prozesu sakon horren fruitua. Aipatutako hausnarketa prozesua, gaur egunean indarrean dagoen garapen ereduaren irakurketa orokor batetik abiatu da, garapen eredu horrek gure esparru hurbilean daukan eragina aztertu, eta gure herriaren etorkizuna eraikitzeko eredu gisa daukan balioaren inguruan hausnartuz.

 

Hausnarketa horren baitan, ezin ukatu daiteke hazkundea oinarri duen garapen ereduari esker herrialde garatuen bizitza maila (kontsumo gaitasuna) nabarmen hobetu dela, eta horrek eragin oso positiboa izan duela herrialde hauen bizitza kalitatean. Baina, era berean, egia da baita ere, garapen eredu honek oinarrian duen baliabide natural eta energetikoen gehiegizko esplotazioak egiturazko zenbait arazo larri sortu dituela, eta gero eta nabarmenagoa da, egiturazko arazo horiek lortu den bizitza kalitatea arriskuan jarri dezaketela. Era berean, garapen eredu honek ondorio duen aberastasunaren banaketa asimetrikoak, mundu mailan sortutako aberastasunaren %80a populazioaren %20aren eskuetan pilatzea eragin du, planetako biztanleen %70a baino gehiago pobreziara kondenatuz.

 

Guzti honengatik, nahiz hausnarketa prozesuan aztertutako beste hainbat aspekturengatik, gaur egunean indarrean dagoen garapen eredua dimentsio anitzeko krisian murgiltzen ari dela ondorioztatu daiteke. 6 arlo nagusitan bizi den egoerak egiten du bizi dugun krisia dimentsio anitzeko krisi:

 

Balore krisia: Gaur eguneko garapen ereduak giza baloreekin bat ez datozen hainbat jarrera eta portaera saritzen ditu, hala nola, egoismoa, indibidualismoa, kodizia, arinkeria, gehiegizko lehiakortasuna, etb. Honek, portaera hauek erreproduzitzen dituen gizarte eredu bat eraikitzera eraman du; elkartasuna, konpromisoa eta austeritatea bezalako baloreak alde batera utziz. Testuinguru honetan, hezkuntza sistemak ez du gaitasunik izan joera hauek orekatu eta beste balore humanoago batzuetan oinarritutako gizarte eredu ezberdin bat bultzatzeko.

 

Krisi soziala: Gizadiaren %70-ak ezin ditu bere oinarrizko beharrak ase. Zentzu honetan, 3. munduko herrialdeek bizi dute egoerarik latzena, zeinetan jana, osasuna, hezkuntza edo etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak gutxi batzuen pribilegioak diren. Baina arazo hau ez da herrialde pobreetara mugatzen, eta honen adibide da Euskal Herrian etxebizitza bezalako oinarrizko behar bat ase ahal izateko dauden zailtasun objektiboak. Honen aurrean, gero eta nabarmenagoa da interes gune ezberdinek baldintzatutako demokrazia ordezkatzailea ez dela gai egoera honi buelta emateko.

 

Krisi finantziero-ekonomikoa: Finantza sistemak “krak” egin du, eta horrek ekonomia krisialdi larrian murgildu arazi du. Gertatutakoak kolokan jarri du indarrean dagoen sistema ekonomikoaren bideragarritasuna, eta agerian utzi du bere egiturazko ezegonkortasuna. Ezagunak dira krisi ekonomiko-finantzieroak gure inguruan utzi dituen ondorioak: langabezia, lan baldintza kaskarrak, etxebizitzen enbargoa, etb. Guzti honek, logika lukratibotik aldenduko den ekonomi eredu berri baten inguruko eztabaida mahai gaineratu du.

 

Krisi ekologikoa: Etengabeko hazkundearen logikak gure planetaren muga fisikoetara hurbildu gaitu, eta gero eta nabariagoak dira errekurtso naturalen xahutze masiboak planetaren orekan eragiten dituen kalteak. Honen adibide dira aldaketa klimatikoa, zaborren gehiegizko produkzioa, deforestazioa, lurraldearen zementazioa, lehorteak, etb.

 

Krisi energetikoa: Peak-oil deritzon puntura, hau da, petrolio eskariak produkzioa gaindituko duen puntura hurbiltzen ari gara, eta honek, petrolio merkearen aroari bukaera emango dio. Energiaren prezioaren gorakadak eragin zuzena izango du elikagaien prezioetan nahiz bero eta elektrizitate fakturetan. Energia urriko mundu berri eta ezezagun batera goaz ezinbestean.

 

Krisi demografikoa: Mundu mailan ematen ari den demografiaren hazkundeak denontzako behar adina elikagai eta errekurtso natural egongo ez den eszenatoki batera eraman gaitzake, horrek sortuko lituzkeen desoreka guztiekin. Oinarrizko errekurtsoen kontrola helburu duten guden hedapena, nahiz elikagaien prezioen gorakada izan daitezke eszenatoki berri honen ondorio nagusiak.

 

Aipatutakoak marrazten duen eszenatokiaren aurrean 2 jarrera ezberdin hauen artean hautua egitera behartuta gaude:

 

Datu eta gertaera objektiboek egiaztatzen duten errealitatea ez onartzea, edo arazo hauen soluzioa etorkizuneko balizko aurkikuntza zientifiko-teknologikoen eta botere gune ezberdinen gaitasun eta borondatearen esku uztea.

 

Edo arazoaren larritasunaz kontzientzia hartu, eta norbera bere esparruan, garapen eredua berrasmatzea helburu duen prozesu berritzaile eta dinamiko batekin konprometitzea.

 

Gure herriaren etorkizuna irudikatu eta eraikitzea helburu daukan prozesua bigarren hautu honetatik abiatuta lantzea proposatzen da, eta hautu hau bi ideia hauek duten indarrean oinarrituta egiten da:

 

Nahiz eta gaur egun daukagun kontsumo maila nabarmen murriztera behartzen gaituen, bizitza kalitatea (eta ez bizitza maila) helburu duen eta iraunkortasuna oinarri duen garapen eredua oraingoa baino hobea izango denaren konbentzimendua. Hau da, gizakion behar material, emozional eta sozialak hobeto orekatuko dituen garapen eredu ezberdin bat eraikitzea posible dela.

 

Hobe dela arazoa iritsi zain egon beharrean aurrea hartu eta etorkizunerako prestatzea. Etorkizuneko eszenatokia irudikatzen asmatu eta gaurtik eszenatoki horretarako prestatzen hasten diren herriak, etorkizuna sufritu beharrean berau bizitzeko oinarriak jartzen ariko direlako.