Alkatearen agurra

Kaixo eta ongi etorri Anboto eta Gorbea mendien artean aurkitzen den Euskal Herriko herri txiki honetara. Neguan izaten ditugun tenperatura baxuek egin gaituzte batez ere ezagun, nahiz eta ez den hori gure herriak ezkutatzen duen bertuterik esanguratsuena. Gure ingurune naturalari darion edertasun eta lasaitasuna, gure kaleen bizitasuna, Otxandiotarren antolakuntzarako gaitasuna, horiek dira Otxandio berezi egiten duten ezaugarriak. Gaur egunean kontrakoa ematen duen arren, herri edo hiri bati nortasuna ez diote zementu edo titaneozko eraikuntzek ematen, herri horretako kaleak betetzen dituzten pertsonek baizik.
Gero eta ankerragoa bihurtzen ari den mundu globalizatu honetan, elkartasunak apenas tokirik ez duen honetan, munduko herri ezberdinak bat egitera dei egiten dugu, garapen eredu justu eta orekatu baten defentsan, itxurakerian oinarrituko ez den politika ezberdin baten defentsan, nazio eta kultura aniztasunaren defentsan, azken finean, eredu demokratiko berri eta justu baten aldeko lanean. Honetan Otxandio bidai lagun izango duzue beti.
Bukatu baino lehen, kartzelan preso edo erbestean dauden Euskal Herritarrak gogoratu nahi nituzke, lehen bai lehen etxean nahi ditugulako. Eta besarkada handi bat beraien senitarteko eta lagunei, asteburuero errepidean beraien bizia arriskuan jartzera kondenatuak daudelako. Demokrazia eta bakea Euskal Herriarentzat!
Santi Uribe Laka




