Hasiera

Batetik bestera

Asier Astigarraga

Asier Astigarragaren bloga


 

Euskaldunok badaukagu toponimiagaz lotuta ibilbide mitologiko luzea. Dirudienez, eta adin batetik gorako euskaldunok batez be, gure leku-izenetan asetu gura izan dogu gizarteak edo aldian aldiango agintariak edo kultur erakunde nagusiak euskereari jagokon lekua eta maila emon ez izanaren egarria.

Holako gaietan izan dot aspaldion Otxandion esperientzia txikitxo bat eta konturatuta nago mitologia horrek ikaragarrizko indarra daukala gure artean, ezinezko dalako, antza, urte luzeetan jenteak buruan eregi dauzan toponimia interpretazinoak eta hareekaz lotutako jokabideak aldatu.

 

Toki-izen batzuk oso argiak dira, itxura batean: agerikoak, “begien bistakoak”... Etxebarri bada seguru baserri barriren bat izango dana bitartean. Kortabarri bada basoko kortaren bategaz egongo da lotuta...

Holangoetan Alfonso Irigoien zanak emoten euskun azalpena etorten jat burura. Ikasle ginala azaldu euskun berak aztertu ebala aspaldi Busturialdeko Zugastieta izena. Zergaitik Zugastieta eta ez, esaterako, Zugaztieta? Ez ete egoan argi “zugatz/zuha(i)tz + ti” zala? Filologoak lehenengo ikusian nahiko arin hartu eben erabagia: Zugaztieta da, hau da, gaztelerazko La Arboleda.

Irigoienek esan behar izan eban azkenengo berbea, papeletan eta agiri zaharretan arakatu ostean: dokumenturik zaharrenetan Zubibustieta agertzen da. Ez dira zugatzak, zubiak dira, zubi bustiak...

 

Gure Azpikoarri berbeagaz antzeko kontua jazoten da. Lehenengo irakurrian errez-errez argitu leiteke hitz honen esangurea: azpiko arria...

Gorde izan doguzan testurik zaharrenetan, baina, hauxe da irakurtzen dana, XV. mendean: “Sepan cuantos esta carta de compromiso vieren cómo en el lugar que le dicen Ascuecoarria..”. Eta lekua gazteleraz izendatuz, jarraian: “Pusieron un mojón de piedra cabo el camino de los caminos de Arratia a la piedra de Ascue”. Azkuekoa da harriori, ez azpikoa, antza..

 

2 Iruzkin Zure iruzkina

Multimedia

Bideo, Audio eta beste...

Inkesta

Otxandio kanpoko bisitarientzat erakargarria dela deritzozu? Zein balio ditu? Zeintzuk beharko lirateke indartu? Zer falta da herrian?