Inicio

Arrotzaren begiekin

Joseba Irazabal

El blog de Joseba Irazabal


Galdera erraza, ezta? Jende gehienari, behintzat, ez dio aparteko buruko minik ematen: Gasteizkoa, Ijorretakoa, Markinaku.… Erantzuna bat-batekoa izan ohi da. Bada, ni, aitortu beharra dut, blokeatu egiten nau itaunak; zer esan jakin gabe geratzen naiz. Nongoa naizen? That is the question. 

Txiki-txikitatik daukat nahasmendua herritartasunaren auziarekin. Jaio, Bilbon jaio nintzen, Indautxun, hiriburuaren erdi-erdian; baina askotxo litzateke Bilbokoa naizela esatea, egun bi ere ez baitziren igaro amak Arrigorriagara eraman ninduenerako. Hurrengo hogei urteak, Arrigorriagaren eta Dimaren artean eman nituen, eskola-egunak batean, opor-egunak bestean; eta urte horietan sortu zitzaizkidan lehenengo buruhausteak zorioneko “Nongoa zara?” galderarekin: zer nintzen? Diman jai egun guztiak -garai haietan, zorionez, nahikotxo- ematen zituen arrigorriagarra, ala Arrigorriagan ikasten zuen Dimostarra? Erantzuna, unearen uneko umorearen arabera ematen nuen: atzo Dimakoa nintzen; gaur Arrigorriagakoa; bihar ikusiko dugu.

Arrigorriagatik Basaurira aldatu zen familia; handik, luze gabe, Igorrera joan nintzen lanak eramanda; Igorretik Bilbora, gero; Bilbotik Basaurira berriro.… Eta batetik besterako migrazioei esker, hasierako herritartasun bikoitzaren trauma hura anizkoitz bilakatu zen.

 Azkenean Otxandiora iritsi nintzen. Etxea erosi nuen –hobe esanda, erosten ari naiz, oraingoz laurden bat baino ez baita nirea; gainerako hiruak Euskadiko Kutxarenak- berton geratzeko intentzioarekin, bertakotzeko asmoarekin. Baina otxandiar bilakatzea ez da goizetik gauerako kontua; bost urte daramatzat hemen, eta kanpotarra naiz oraindik, Otxandion bizi den berak-ere-ez-daki-nondik etorritako arrotza.

 -Eta zertara dator hau guztia?- pentsatuko duzue. Bada, kontua da Otxandioko Udalak webgune berria estreinatuko duela, eta blog batean zerbait idazteko eskatu didatela. Eta zer idatziko dut, bada? Zelako ekarpena egin diezaioket, nik, atzerritar honek, udaleko webguneari? Bada, horixe bera izan liteke ideia, agian: begi arrotz hauekin ikusten dudan Otxandio zuei deskribatzea.

 Hortaz, horretan ahaleginduko naiz aurrerantzean. Kalera aterako naiz, begiak zabal-zabalik, eta bitxi iruditzen zaizkidan kontuei buruz idatziko dut. Eta ez dakit zergatik, baina seguru nago herri honetan ez dudala bitxikeria faltarik izango.

 

3 Comentarios Tu comentario

Multimedia

Vídeo, audio y otros

Encuesta

Valora los servicios públicos que ofrece el Ayuntamiento.